Udak ez gaitu oraindik utzi. Irailaren erdian gauden arren, azken egunetako termometroek ez dute erakutsi 30 gradutik behera jaisteko inolako asmorik eta, aurreikuspenen arabera, behintzat, ez dirudi epe laburrean aldaketa handirik espero dezakegunik. Egutegiari arrazoia eman beharko diogu, beraz: udan gaude oraindik, uda betean. Baina ez dakit berri pozgarri hau Hiru Erregeen Mahaiaren tontorreraino iritsi den. Zalantzetan nago. Izan ere, hemen goian, bat-batean, termometroaren 30ari azken zeroa galdu egin baitzaio laino artean, eta ez dirudi 3 bakartiari ere erraz eutsiko dionik gaurkoan.
Baina, hotza eta guztiz ere, Euskal Herriko gailurrean nago berriro iraileko egun goibel honetan. Tontorrean, beti bezala, Xabierren estatua aurkitu dut zain, urte batzuetatik hona aurrerantz eroria, beherantz begira, harkaitzen artean datozen mendizaleen urratsak zuzendu nahi balitu bezala; haren atzean Xabierko gazteluaren metalezko miniatura dago. Bere ondoan eseri naiz atseden bila eta buruak, berehala, aspaldiko beste iraileko egun batera egin dit ihes, mendi honetara lehenengo aldiz igo nintzen 1989ko iraila urruneko egunera.
Igoera bien artean hogei urte igaro dira, denbora luze. Gauza batzuk, ordea, ez dira erraz aldatzen eta, lehenengo igoera hartako argazkiak ikusita, ez dirudi orduko Hiru Erregeen Mahaiak gaurkoak baino kasu handiagorik egiten zionik urtaroen aldaketa ofizialari. Argazki horietako batean tontorrean ikusi dut neure burua: irudian gaztelutxoaren ondoan eserita nago, orain bezalaxe; larruzko mendi botak, txandal praka more lodiak eta "plumifero" itxurako jaka urdin argia daramatzat jantzita; buruan artilezko txano gorri-zuri-berdea daramat belarrietaraino ondo sartuta. Walyren euskal bertsioa! Baina urte hauetan mendirako ekipamenduan eman den bilakaera ez da argazki zaharrak agerian uzten duen bakarra; neguko arropak, laino itxia eta hotz aurpegia argi mintzo zaizkigu irudian: gaurkoan bezala, udaren arrastorik ez iraila urrun hartan ere Euskal Herriko sabaian.
Lehenengo igoeratik, bada, hogei urte igaro dira jada; eta beste horrenbeste joan zaizkigu Lizardi Mintza Taldea sortu zenetik. Horrexegatik, urteurren biak ospatu nahian, liburu bat ekarri dut nirekin, tontorrean uzteko asmoz: "Malenkonia arabiar bat", Abdela Taia idazle marokoar gaztearen lana. Rabat bero eta lehorrean hasten den istorioa erabat lekuz kanpo dagoela dirudi Xabierko gaztelutxoaren metalezko horma izoztuen artean. Baina, zorionez, liburuak ez du berton luze eman beharrik izango. Mendizale euskaldun batek interesa erakutsi du berehala Lizardi Mintza Taldearen "20 tontor 20 liburu" ekimenagatik eta, eleberria motxilan sartu ondoren, beherantz eraman du beste gailur batean utziko duela zin eginez.
Honela bada, beste hainbat liburuk tontorrez tontor asteak eta hilabeteak daramatzaten bitartean, gaur hasi da, hemen, Hiru Erregeen Mahaiaren gailurrean, malenkonia arabiarrak Euskal Herriko mendietan zehar egingo duen ibilbidea. Bidaia zoriontsua eta oparoa izan dezala!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina