2009/11/08

Aulki bat elurretan

Gorbeia

Ez nuen bitan pentsatu. Idoiak esan zidanean Pilarrean Gorbeiara joango zela, pentsatu nuen liburua uzteko egun aproposa zela. Ez pentsa, Idoia ez da oso mendizalea, horrexegatik iruditu zitzaidan Uxue Alberdiren “Aulki bat elurretan” ezin hobea zela, nekatuz gero atsedena hartzeko parada izango baitzuen.

Hori dela eta, liburuaren lehengo orri zurian “Nork” jartzen duen tokian, Idoia ipini nuen, Idoia baita nire lagunaren izena, “Non” agertzen denean Gorbeia gehitu nuen, bertan utziko baitzuen, eta “Noiz” betetzean, urriaren 12a, eskribitu nuen. “Ene bada… hispanitate eguna” pentsatu nuen. Ondoren, Gorbeiako gurutzea espainiako banderarekin “apainduta” ikusi nuen, eta Xakilixutek azaltzen duen eszeptizismo keinua etorri zitzaidan burura, zerbait tokiz kanpo egongo balitz bezala, alegia. Jai eguna, zer dela eta, nik ez badut ezer ospatu behar. Eta jaiegunak sakratuak izan arren, horretan gustura joango nintzateke lanera pentsatu nuen. Eta hamaikagarren aldiz neure buruari galdetu nion ea noiz arte eman beharko dudan nire identitatea errebindikatzen.



Jatetxe dotore batean bazkaltzen ari nintzen, Anboto parean. Sakeleko telafonoari erreparatu nion. Idoia zen: “Gorbeian nago, liburua tontorrean utzi dut. Hotza egiten du, eta buzoia txiki-txikia da, espero dut denbora gutxi ematea barruan batere eroso ez baitago” . Eta halaxe izango dela ziur nago, Euskal Herrian bide guztiak Gorbeiara doaz eta.

Taldeko ekintza honi esker, aurten inoiz baino gehiago irakurri dut euskaraz. Hori dela eta, esango nuke momentuko euskarazko literaturak emakume izena duela, eta haiei guztiei (Uxue Alberdi, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Eider Rodriguez) eskerrak eman nahi dizkiet euskaraz irakurtzen asko disfrutatu dudalako. Emakume gazteak dira eta istorio erakargarriak, hunkigarriak, hurbilak, eskaintzen dizkigute.

Ea zuek ere nik beste disfrutatzen duzuen bai mendira igotzen bai euskaraz irakurtzen!

Oraindik aurrera Gorbeian Harkaitz Canoren esanetan: Suedian girotutako istorio gazi-gozoak irakurleen esku.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina