Lizardimt labean. Echo-Belagua zeharkaldia.
Echo-tik Belaguaraino, haranez haran ibili gara, antzinako ibiltarien bide beretatik. Artzainek, zamariek (kontrabandistak deritzenek), espartingileek (enarak), iheslariek eta beste hainbatek utzitako aztarnak jarraitu ditugu, kontu kontari edo.
Asteburu gogorra izan dugu, bero itzela, eguzkia lagun mina, hego haizea gure kontra, baina dena kontrolpean eta arazorik gabe. Gutxi batzuek sufritu egin dute eta besteok hobeto ibili gara, kontu kontari edo. Azkenean, denok gustura.
Honetan kide berri batzuk etorri dira gurekin. Kexaka, ez etsita, aurrera beti, umore onean ibili dira. Eskertzekoa azaldu duten jarrera ezin hobea. Ohikoei ere eskerrik asko, ezohiko egoera hori gainditzeko emandako laguntzagatik eta jarreragatik.
Larunbatean Echo haranera iritsi eta ‘Infernuko Ahoa’ alboan, Santa Ana Zubian, Camille seinaleak jarraitu genituen. Eta benetako infernuko eztarrian sartu ginen. Aldapan gora-gora, ur gabe, Lenito Beheko leporaino. Basoan zehar jaitsi eta berriro gorantz Alanoserantz. Achar de Alanos pasabide ikusgarria zeharkatu ondoren, Taxeras alde batera utzi eta Zurizako aterpera heldu ginen, batzuk justu-justu afaltzera. Gero, garagardotan harrapatu gintuen gaueko ilargiak, oso merezitako atsedenaldian.
Igandean goiz altxatu, berrindartuta, gosaldu eta berriro erasora. Camile Xtrem mendi lasterketa hor inguruan, eta geu ere xtrem ibili ginen (lizardimt xtrem). Gehienok, enaren bidea hartu genuen, goitik behera, kontrapasan.
Juan Pitotik abiatuta Arrakogoitira. Paisaia ikusgarria, Anie, Hiru Erregeen Mahaia, Ezkaurre, Alanoak, ... Gero, Lapatia, hor Otsogorrigaina begi bistan. Goiko zelaiak atzean utzita, basoan zehar, Ekialterrea, Martinberroa, bunkerra, Ardibidegainea, kontrabandisten pasabidea eta Izabako begiratokia.
Gure ohiturei jarraituz, taldeka, sakabanatuta, eta banan-banan ere bai. Amaieran, Izaban berriro elkartu, onki xinak izan, azala eta barrukoa freskatu, autobusean zenbaketa egin, -denok gaude? bai-, eta gidariari eskatu -‘eraman gaitzazu etxera, mesedez’-.
Esker anitz guztioi eta izan onki. Hurren arte.
2011/07/04
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
asteburu gogorra baina zoragarria. eskerrik asko!
ErantzunEzabatuSaioa
argazkiak ikusteko irrikitan gaude!
ErantzunEzabatuhttps://picasaweb.google.com/lizardimt/Zuriza2011
ErantzunEzabatuhemen daude argazkiak! :D