2009/03/07

MUGARRAN “SUA FALTA ZAIGU”

Otsailaren 15ean bigarren liburua askatu genuen: Katixa Agirreren “Sua falta zaigu”.


20 urte pasa dira Lizardi sortu zenetik, eta bide luze honetan une ezberdinak bizi izan ditugu. Inoiz, sua falta zitzaigula sentitu badugu ere, garretatik energia atera dugu aurrera jarraitzeko, eta horri ezker, oraindik ere, hemen gaude. Egia da, bide horretan pertsona batzuk erre egin direla, horrelakoetan ez da zaila erretzea. Gauzak ondo ateratzen direnean, arazorik ez, baina problemak sortzen direnean …Hala ere, Lizardik aurrera jarraitzen du, eta gehien bat pertsona bati ezker. Berari 20 urte luze hauetan inoiz ez zaio sua falta: eskerrik asko Josune.

Durangaldeak magia dauka. Bertako harrizko mendietan Euskal Herriko istorio zaharrak idatzita daude. Mugarrak ere, magia du. Bertatik Mariren gotorlekua begiztatu genuen, baita Gorbeian azken elurteek utzitako aztarna zuriak ere. Oraindik aurrera, pentsatu nuen, natura eta gizakia inoiz baino lotuago egongo dira. Oraindik aurrera, euriak, eguzkiak, txingorrak eta haizeak utzitako mezuak gizakien mezuarekin uztartuko dira eta hausnarketarako beta emango digute.


Igandean, aspaldiko partez eguzkipean, Katixaren “Sua falta zaigu” Mugarran utzi genuen. Pozik gaude denok erditu berri dugun ideia honekin. Reality showz beteriko mundu baldar honetan, sentiberak diren ideiak batzuen esker onerako izango direlakoan gaude eta.

Euskal Herriko mendiak euskaldunez bete ziren, eta susmo ona genuen. Halaxe izan zen, liburua utzi, eta handik minutu gutxira, adopzioan hartzeko prest azaldu ziren. Gainera, adopzio familiarekin kontent geratu ginen. Une batez errezeloz begiratu bagenien ere, motxilan gorde zutenerako, lasaituta geunden jadanik. “Badakizue -esan genien- irakurri, gozatu, eta Euskal Herriko beste mendi tontor batean utzi”. Eta horixe egingo duten konbentzimenduarekin gustura geratu ginen.


Euskara eta mendia Lizardiren identitateko seinak direla konturatu gara. Horrela sortu zen, euskalduna izan nahi zuen lagun talde bat mendira joateko elkartu zenean. Liburutegi ibiltaria martxan jarri da, eta badakigu ez dela geldituko. Sua piztu dugu eta jadanik ez zaigula faltako jakin badakigu. Mugarrako tontorretik Euskal Herria ederra zegoen behe-lainoz jantzita. Agian, akaso, hurrengo liburua zuk zeuk topatuko duzu.

2009/03/06

Euskadi Irratiko elkarrizketa

Euskadi Irratiak Lizardi Mintza Elkartearen 20. urteurrena dela eta, Liburu ibiltaria ekimenari buruz elkarrizketa egin zuten Arratsaldeko Saioan. Martari egindako elkarrizketa entzungai daukazue ondorengo bideoan: