2009/02/16

Berriako artikulua 2009-03-13

Bilboko Lizardi Mintza taldeak euskarazko hogei liburu utzi asmo ditu Euskal Herriko beste hainbeste tontorretan. Euskara eta mendia uztartu nahi dituzte elkartearen 20. urteurrenean.

Mendia, mugarik gabeko liburutegia

Ekaitz Agirre

Urte berezia da aurtengoa Bilboko Lizardi Mintza elkartearentzat, ez baititu alferrik bete hogei urte. Aisiarako ekintzak antolatu eta horietan euskararen erabilera indartzeko helburua izan du Lizardik hastapenetatik, eta mendiari lotutakoak izan dira ekintzetako asko eta asko. Naturaz eta naturan euskaraz gozatzeko aukera eman diete bilbotarrei.

Hogeigarren urteurrenaren harira, ospakizun eta ekitaldi uzta oparoa dute urte osoan; tartean Liburu ibiltaria ekimena. Denbora eta espazio mugarik gabeko liburutegi bihurtu asmo dituzte Euskal Herriko mendiak. Ekimen berezia da. Hogei mendi tontorretan hogei euskal idazleren beste hainbeste liburu utziko dituzte, eta haietako bat topatzen duen mendizaleari jarri diote egitekoa: irakur eta goza dezala aurrena, eta gozamen hori partekatu dezala, liburua beste mendi baten puntan utzita. Azken batean, bookcrossing-a, azken urteetan mundu osoan indar hartzen ari den ekimena, mendira eramateko saioa da; liburuen trukea bultzatzeko saioa.

«Iaz liburu bat topatu genuen Txamantxoia mendiaren tontorrean. Ondo babestuta zegoen, harri baten azpian. Oso ideia interesgarria eta polita iruditu zitzaigun, eta handik sortu dugu guk ekimena», azaldu du Lizardiko kide Jesus Apariciok. Bookcrossing mugimenduaren berri bazuten elkartean, eta mendian liburuak trukatzeko aukera badagoela iritzita jarri zuten abian Liburu ibiltaria. Lehenengoa duela bi aste utzi zuten, Zornotzako Belatxikieta mendiko tontorrean: Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur. Liburuarekin batera ekimenaren berri ematen duen txarteltxoa utzi zuten, eta datozen aste eta hilabeteetan «askatuko» dituzte gainerako liburuak Euskal Herriko tontorretan. Dagoeneko egina dute liburuen zerenda txiki bat: Jon Maiaren Riomundo, Katixa Agirreren Sua falta zaigu, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eta Karmele Jaioren Amaren eskuak daude, besteak beste.

Blog bat sortu dute elkartearen webgunean, eta parte hartzera eta blogean idaztera gonbidatu nahi dituzte mendizaleak -http://lizardimt.blogspot.com/-. «Konta dezatela liburua zer iruditu zaien, ekimena bera zer iruditzen zaien, non hartu duten liburua edota non utzi duten», dio Apariciok. Haiek idatzi dute Belatxikieta mendiko kontakizunaz gogoeta: «(...) Lehenengo liburua askatu dugu eta pozik geratu gara. Askatasunak ematen duen pozarekin. Pozik bai, baina baita kezkatuta ere. Gurasoek seme-alabei askatasuna ematean sentitzen duten kezkarekin. Hotza egiten zuen liburua askatu genuen egunean. Haize boladak zakarrak ziren, eta (...) poltsatxo barruan babestu genuen, hotzaz eta haizeaz anparatu nahian». Muga eta denborarik gabeko liburutegia ez ezik aterperik gabekoa izatearen gorabeherak. Katea ez dadila eten.

2009/02/08

Liburua bere bakardadean

Belatxikieta mendia (Zornotza)

Lehenengo liburua askatu dugu eta pozik geratu gara. Askatasunak ematen duen pozarekin. Pozik bai, baina baita kezkatuta ere. Gurasoek seme-alabei askatasuna ematean sentitzen duten kezkarekin.Hotza egiten zuen liburua askatu genuen egunean.Haize boladak zakarrak ziren, eta izozteko marka “zuri” poltsatxo barruan babestu genuen, hotzaz eta haizeaz anparatu nahian.


Nork irudituko ditu liburuaren pertsonaiak? Nork emango dio bizitza liburu birjen honi? Aire bolada batek galderak zabaldu zituen Euskal Herrira. Momentu hunkigarria izan zen benetan.

Bertan historiko batzuk bildu ziren, Josune, “lehenda”, Joseba, Frasko eta Juankar, besteak beste, eta denbora eta lanaren poderioz, historiko bihurtu diren beste batzuk, Koldo, Jesus, Itziar, Arantza...eta Rakel eta Klemen ere, beste era batera, baina gurekin egon ziren. Denok, orain dela hogei urte bezain sasoian eta gogotsu daudela erakutsi zuten. Mateo Alemanek esaten zuen bezala: “Gaztaroa ez da bizitzaren etapa bat, arimaren izaera baino “.

Gero, mundu zabalean zehar, eta Euskal Herrian zer esanik ez, horrelako ekintzak ospatzen diren moduan, sagardotegi batera bapo bazkaltzera elkarrekin joan ginen.

20 urtean gure aukera euskaraz egin dugulako, korrika hamaseigarrenaren urte honetan, “20 urte 20 liburu” ekimen honi, ongi etorria eman genion.

Portzierto, Joan Maiak Korrika 16.erako egindako proiekzioa benetan ederra eta hunkigarria bere xumetasunean. Ez galdu. Eta hemendik, eskerrik asko Jon Maia eta bere taldekideei.

2009/02/03

Liburu Ibiltaria

Ongietorria eman nahi dizugu liburuen maitaleen komunitatera. "LIBURU IBILTARIA" zer den zure buruari galdetuko diozu. Denbora eta espazioa zeharkatzen duen abentura bat da. Muga geografikoak ezagutzen ez dituen irakurleen talde bat da. Atsegin al dituzu liburuak? Ondo, gure kideek askatzen dituzten liburuak dohainik dira..., baina liburuak askatzearen ekintza bera da abentura honen bihotzera iristen dena. Liburuak elkar trukatzen inoiz ez da kitzikagarriagoa izan "LIBURU IBILTARIA"-rekin baino. Gure helburua, besterik gabe, mundu osoa liburutegia bihurtzea da.
Foro honetan, aurkitu duzun liburuari buruzko iritzia eman ahal duzu: kritika, puntuazioa eta gomendioak.

20 urte 20 liburu

Lizardi Mintza Elkarteko kideentzat urte berezia da aurtengoa. Orain dela 20 urte elkartea sortu zen, eta ez da lan makala halako elkarte batek hogei urte betetzea. Lagun batek bere liburuan idatzi zuen bezala: “Lizardik euskara eta gozamena elkartzen ditu”. Eta hori da, hain zuzen ere, gure helburua: gustuko ekintzak partekatuz –mendia, kirola, musika edota kultura-, euskararen erabilera bultzatzea. 20. urteurrena dela eta, 20 mendi tontorretan 20 euskal idazleren liburu utzi ditugu. Hauetariko bat topatuz gero, hona hemen egin beharrekoa:

  • Irakurri eta gozatu, eta gozamen hori konpartitzeko...
  • …beste mendi tontor batean utzi beste mendizale irakurle batek irakur dezala.
  • Gure web orrian sartu eta konta iezaguzu non topatu eta non utzi duzun eta, nahi izanez gero, irakurritako liburu eta baita ekimen honen inguruan zure iritzia jakinarazi. Bene-benetan eskertuko dizugu.