2010/06/17

Orbaibar 2010

Egun on, Pedro/Peter eta Marian.

Astelehena goizean lanean eta oraindik asteburua gogoan.

Niri dagokidanez, primerako asteburua. Oso ondo antolatuta eta bikain gauzatu da dena, eguraldia barne. Eskerrik asko! Ez nuen gutxiago espera, jakina ;-)))

Nire prestakuntzara begira, ezin hobeto. Bizkaiko Bilbo inguruan euria barra-barra eta eguzkiaren bila joan nintzen Tafallako Bizkaiara. Eta han, hodei artean ezkutatuta eguzkia aurkitu nuen. Hau poza!
Bizikletan ibilitakoarekin ere pozik. Dakizuenez, pila gabe geratu nintzen, kilometrozenbatzailearena, jakina ;-))). Gaur kilometroak zenbatu ditut gutxi gorabehera eta emaitza hau: larunbatean 52 km eta igandean 85 km. Ez dira asko, baina suabe-suabe ibili nintzen, paisaiaz, herriez (Sangoza oso bitxia) eta batez ere lasaitasunaz gozatzen. Egia esan, kilometroak baino hobeto horniketak prestatu nituen. Eta hori ere oso garrantzitsua da. Zin dagizuet Quebrantahuesoseko horniketetan ez dudala batere sufrituko ;-)))

Larunbateko bisitaldia idea bikaina. Egia esan, antxoaren bila joan nintzen, artariaingo antxoa famatuen bila, eta tailerrak txunditurik utzi ninduen. Ze lagun majotxoa gure Javier. Berak egindako animaliak bizi-biziak dira. Nik uste lehenago ere batzuk ikusi ditudala parketxeetan, baina ez nuen espero inoiz egilea ezagutzea. Oso jatorra, gainera! Afaltzera etortzea ere oso idea ona. Tailerreko negutegian, Interneteko “arazotxoak” aipatu zituenenan, berarengandik oso hurbil sentitzu nintzen. Ze momentu hunkigarria ;-))) Baina zuk lasai, bizirik irauten duzulako seinaleak bidaltzen jarraitu, mesedez.

Jende gutxi bildu ginen baina selektoak! Eta “gogargietsiak” (iluminadoak) ere, dudarik gabe ;-))). Behintzat, badugu 13! Gure ohitura zaharrari jarraituz, hasiberria (Edurne txirrindularia) gureganatu genuen.

Kontzientzian geratzen zait gauzatxo bakarra, lan gutxi egin nuela aterpean. Guetadar jauregian sartu eta printze bihurtu nintzen, edo markes, edo konde, ez dakit ondo ;-))) Sukaldean jende asko eta trebetasun gutxi nirea -bizirauten sukaldaritzan mugatuta nago, badakizue-, mahaia prestatzean azkar batzuek aurreratu ninduten, eta harrikoan, nire espezialitatean, automatikoki arduratu zen Klemen. Kontua, azken finean, ez nuela kolperik eman. Beno, ikuskatzaile bikaina izan ninduzuen, lana primeran burutu nuen. Ea hurrengo batean gainetik kentzen dudan zama astun hau ;-)))

Besterik gabe, berriro eskerrik asko prestatutako asteburu bikainarengatik. Ondo ibili udan eta laster arte.
Rafa
P.D.: Eta Bilbon, kaguen Ortzi, euria barra-barra jarraitzen du, A zer barregarria ;-(((
Orbaibar 2010

Valdorba 2006 Orbaibar 2010, bi izen

Nik ere, Rafak bezala, asteburu on pasatzen dudanean, kronika baten bitartez oroitzea dut gustuko. Nik ere, Rafak bezala, ederto bikain pasatu dut asteburu honetan. Nik ere, Rafak bezala, konzientzia txarra nuen nolabait kronikak idazten hasi nintzenean berak lanari utzi ziolako eta errudun sentitu nintzen taldekideek gustura irakurtzen baitzituzten bere kronikak, garagardo hotz bat bezain freskagarriak, Ander Lipus bezain dibertigarriak eta Rafa bera bezain “onak” hitzaren zentzu onenean.

Horrela izanik, gaur, etengabeko euri honek ipurdia aulkian itsatsi dit eta asteburuko eguzkiarekin amestu dut.

Larunbatean goizean zeru goibelak agurtu gintuen baina guk eguraldi txarrari aurpegi ona jarri eta furgona alokatzera abiatu ginen. “Zuen furgoneta ez dago libre eta dugun bakarra eskatutakoa baino handiagoa da”, Atesako neskak esaten digu. Eskerrak Klemen kamioi gidari bihurtzeko prest zegoela. Azken finean berak beti amestu izan du egun batean kamioi handi bat gidatuko zuela, faria txokor bat hortz beltzen artean, Fariren “apatrullando la siudá” irratian, kamiseta tirantedun zuri-orizka jantzita eta neska titi handi toplessen erretrobisorean eskegita.

Hamaika gara, eta hamaika, kasu honetan, hamaika besterik ez da. Tafallan Marian eta Pedrorekin hamahiru izango gara. Zenbaki ederra, bakoitia eta “lehengusia” edo “lehengusina” zein izango ote da zenbaki “primo” baten sexua? –Jesusi galdetu beharko diot, susmatzen baitut “primo” zenbakietaz ari garenean, horrela ez dela esaten. “Ba dok hamairu” taldekidentzat ona izan zen moduan, guretzat ere hamahirua zenbaki ona izango dela uste dut.

Gasteizen…euria eta Iruñean…euria ere bai. Tafallan… euria, baina finagoa eta, hodeien gainean, apenas indarrik gabe baina presente eguzkia antzematen zen. Kostera amaituta nork esango ote zigun Tafallatik gertu antxoak goxo-goxoak jango genituzkela? Noizbehinka bizitzak aukera paregabeak ematen dizkigu eta aprobetxatu behar ditugu, honetan, mozoloak zein lertxunak, martin arrantzaleak zein txantxangorriak gertutik ikusteko parada izan genuen. Ikusi eta ikasi ere. Interpretazio zentroetan dauden animaliak nahiz eta urrunetik datozela pentsatu, Nafarroan bertan egiten dituztela jakin izan genuen. Azkenean, honetan ere Klemenek arrazoia du eta denok naparrak gara. Egilea ere ezagutu genuen, Matxas du izena. 30 urte ofizioa ikasten eman du, baina hain ondo ikasi du non bertako animaliak bizirik zeudela baitzirudien. Eta negutegian sartuta “din-don, din-don, euri tantak, euri tantak…” “Aizu Matxas, zergatik ez zatoz gurekin afaltzera?” Ideia bikaina Pedro, hamahiru pertsonek jaten duten tokian hamalauk ere jan dezakete, gainera fin-fina da ta ez dut uste asko jango duenik. Konturatu orduko, hobe zen traje bat erosi afaltzen konbidatu baino, baina ikusi eta ikasitakoarekin ordaindutzat ematen dugu.

Marianen ahizpa, koinatua eta ilobak lagun batzuekin Getadar ikustera hurbildu ziren eta, Getadarreko Marianek bere gaztelua erakutsi zien. Hemen kapera pribatua, gotorleku sakratua egongela bihurtuta, eta hemen morroien gelak. “Neskamea ekarri garagardoa eta mokaduren bat gure konbidatuentzat!” Baina azkenean Getadarreko Marianek afari eder bat prestatu zuen bere morroi guztiek lagunduta, Rafa kronista-juglarea izan ezik.
“Klemenen urteak gaur dira, gaur dira, Klemenen urteak gaur dira lagunak” Txanpan tarta eta oparia, inoiz ez delako berandu urtebetetzeak ospatzen hasteko. Gazteak gara gazte elkarte bat osatzen dugulako, gazteak gara gazteria ez-paita bizitzaren etapa bat arimaren egoera baino, gazteak gara, jolasteko, kirola egiteko, barre egiteko eta disfrutatzeko ahalmena mantentzen dugulako. Gazteak gara eta gazteak izaten jarraituko dugu horrela nahi dugulako.

Orbaibarren Edurne txirrindulari bihurtzeaz gain gure publizistarik sutsuena ere bihurtu da, asteburu batean gustura pedaleatzen duzunean energia beterik bueltatzen zara eta. Bittor ere gurekin estreinatu da eta gehiagotan ikustea espero dezagun.

Goibel zegoen zerua Bilbora heldu ginenean. Goibel zegoen zerua baina guk Orbaibarreko eguzkia genuen barruan. Aupa Rafa, animo Sabiñanigon, gogoratu guretzat zu beti txapelduna izango zarela eta kronista ezin hobea izateagatik inoiz ez zaitugu lehoietara botako. Gure atzamar lodia beti gora begira egongo da eta.
Marta Abiega