2009/04/20

Bilbao-New York-Pagasarri


KORRIKAK utzitako biharamuna aitzakiatzat hartuta, Kirmen Uriberen “Bilbao-New York-Bilbao” Pagasarrin utzi dugu. Eta, noiz hobeto, Santua baino aisialdirako sakratua den aste bat datorrela ikusita.

Non daude ordea utzitako beste liburuak? Aske sentitu nahian mendiz-mendi ibiliko direlakoan nago. Sarritan, hala dela egiaztatu nahian, blogean sartzen naiz haien ibilbidearen pista bat irakurtzeko esperantzarekin, baina...alferrik. Hala ere, motxilatxoan liburua sartu dudanean ez nengoen etsituta ez horixe, ilusionatuta baizik.

Goibel zegoen zerua etxetik atera garenean, eta berehala grisari eusten, euri tanta batzuk sentitu ditugu buru gainean. Gu ikaratu nahian bazenbiltzatela zirudien, baina zertxobait gehiago behar zen gaur markatutako helburuari ez eusteko, eta aurrera jarraitu dugu. Pagasarrirako bidean lehenengo aldapa gogorrak hasi direnean ... hortzak estutu, pinoi ñimiñoa jarri –klick-klick-klick, sartu ote ditut zortziak jadanik?-eta aurrera jo dugu.

Goriko auzokideak, gurekin erreparatu gabe, baratzean lanean ziharduten uzta berrirako lurra prestatzen. Korrikan erabilitako Lizardiko kamiseta termikoak –ala teknikoak?- izerdia etengabe kanporatzen ziharduen. Gero, zirimiriarekin nahastuta, izerdi urtsua osatzen zuen, sinbiosi paregabe batean, non zein den zein jakitea ezinezkoa bihurtzen zen.
Mendizale batzuekin egin dugu topo –aupa, aupa- ez askorik ordea.

Pagasarrirako bideak 20 urte ukitu gabe egon eta gero, azkenean, konpondu dituzte. Baliteke aurtengo euriteak derrigortuta. Horri ezker, burua lurretik altxatzeko parada izan dugu, eta konturatu gara hemendik gutxira – ehun urte gutxi gora behera- Pagasarriko magalak berriro ere pagoen kolorekoekin jantziko direla, eta poztu egin gara. Eta poztu egin gara ere aterpea begiztatu dugunean eta harago, buzoia dagoen tokiraino abiatu gara gure misioa betetzeko asmoarekin. Buzoia liburuaren tamainakoa edo liburua buzoiaren tamainakoa? Batek daki.

Liburua ere bere termikoan sartu dugu, oraingoa plastikozkoa, bizirik badago ere, ez du transpiratu behar, eta bertan zain utzi dugu. Gero, aterpean, salda bero bana hartu beheko suari begira. Bilbao- Nueva York- Pagasarri. Zeregina bete dugu. Beste liburu bat lau haizetara zabaldu dugu. Goza dezazuela.

2009/04/05

Arotzaren eskuak

Iturrigorri/Tologorri mendia (1.068 m)
Ia ezagutzen ez zuen aitonak herentzian mendian galdutako etxe bat utzi diola-eta, hara doa Ane Duhalde, ordura arteko bere bizimodu grisa eten nahian. Etxean, baina, deskubrimendu lazgarri bat egingo du, aitonaren iraganaz galdetzera behartuko duena.
Misterioaren sokak Frantziako Erresistentziaraino eramango du, II Mundu Gerraren garaian; berrogeitaka urte beranduago Europako hainbat lekutan gertaturiko hilketa sorta izugarri bat ere harrapatzen du, eta bere burua arriskuan egon litekeela sentituko du azkenik.
Bordeleko polizia erretiratu batekin saituko da Ane korapiloa askatzen, eta beste horrenbeste egitera gonbidatzen gaitu Alberto Ladron Aranak, suspensez eta ustekabez beteriko eleberri honetan.

2009/04/04

Gau Ilunekoak

Soila mendia (Araba)
Gure liburu ibiltariekin jarraituz Joseba Sarrionaindiaren Gau Ilunekoak liburua Soila mendian utzi genuen, egun argiz.


Izenburuak abisua ematen digu ez dugula historio alaia irakurriko; zer bestela? Argia eta iluntasuna, horra historio labur eta xamur honetan agertzen zaigun bikotea.


Baten bat animatzen bada, Soila mendira Antoñana herritik igo daiteke; ibilbidea ederra eta liburua ez da mardula.

Ea ba!