2009/10/19

Malenkonia arabiar bat


Udak ez gaitu oraindik utzi. Irailaren erdian gauden arren, azken egunetako termometroek ez
dute erakutsi 30 gradutik behera jaisteko inolako asmorik eta, aurreikuspenen arabera, behintzat, ez dirudi epe laburrean aldaketa handirik espero dezakegunik. Egutegiari arrazoia eman beharko diogu, beraz: udan gaude oraindik, uda betean. Baina ez dakit berri pozgarri hau Hiru Erregeen Mahaiaren tontorreraino iritsi den. Zalantzetan nago. Izan ere, hemen goian, bat-batean, termometroaren 30ari azken zeroa galdu egin baitzaio laino artean, eta ez dirudi 3 bakartiari ere erraz eutsiko dionik gaurkoan.

Baina, hotza eta guztiz ere, Euskal Herriko gailurrean nago berriro iraileko egun goibel honetan. Tontorrean, beti bezala, Xabierren estatua aurkitu dut zain, urte batzuetatik hona aurrerantz eroria, beherantz begira, harkaitzen artean datozen mendizaleen urratsak zuzendu nahi balitu bezala; haren atzean Xabierko gazteluaren metalezko miniatura dago. Bere ondoan eseri naiz atseden bila eta buruak, berehala, aspaldiko beste iraileko egun batera egin dit ihes, mendi honetara lehenengo aldiz igo nintzen 1989ko iraila urruneko egunera.

Igoera bien artean hogei urte igaro dira, denbora luze. Gauza batzuk, ordea, ez dira erraz aldatzen eta, lehenengo igoera hartako argazkiak ikusita, ez dirudi orduko Hiru Erregeen Mahaiak gaurkoak baino kasu handiagorik egiten zionik urtaroen aldaketa ofizialari. Argazki horietako batean tontorrean ikusi dut neure burua: irudian gaztelutxoaren ondoan eserita nago, orain bezalaxe; larruzko mendi botak, txandal praka more lodiak eta "plumifero" itxurako jaka urdin argia daramatzat jantzita; buruan artilezko txano gorri-zuri-berdea daramat belarrietaraino ondo sartuta. Walyren euskal bertsioa! Baina urte hauetan mendirako ekipamenduan eman den bilakaera ez da argazki zaharrak agerian uzten duen bakarra; neguko arropak, laino itxia eta hotz aurpegia argi mintzo zaizkigu irudian: gaurkoan bezala, udaren arrastorik ez iraila urrun hartan ere Euskal Herriko sabaian.

Lehenengo igoeratik, bada, hogei urte igaro dira jada; eta beste horrenbeste joan zaizkigu Lizardi Mintza Taldea sortu zenetik. Horrexegatik, urteurren biak ospatu nahian, liburu bat ekarri dut nirekin, tontorrean uzteko asmoz: "Malenkonia arabiar bat", Abdela Taia idazle marokoar gaztearen lana. Rabat bero eta lehorrean hasten den istorioa erabat lekuz kanpo dagoela dirudi Xabierko gaztelutxoaren metalezko horma izoztuen artean. Baina, zorionez, liburuak ez du berton luze eman beharrik izango. Mendizale euskaldun batek interesa erakutsi du berehala Lizardi Mintza Taldearen "20 tontor 20 liburu" ekimenagatik eta, eleberria motxilan sartu ondoren, beherantz eraman du beste gailur batean utziko duela zin eginez.

Honela bada, beste hainbat liburuk tontorrez tontor asteak eta hilabeteak daramatzaten bitartean, gaur hasi da, hemen, Hiru Erregeen Mahaiaren gailurrean, malenkonia arabiarrak Euskal Herriko mendietan zehar egingo duen ibilbidea. Bidaia zoriontsua eta oparoa izan dezala!

2009/10/16

Kalamidadeen liburua



Hiru erregeen mahaia
Hona hemen beste liburu baten bidaiaren hasiera. Ea noraino iristen den.

2009/10/15

"Habitat", Toloñotik mundura

1989ko ekainaren egun sargoritsua izan zen hura. Igandea zen, bastidarrek euren lehenengo Araba Euskaraz ospatzen zuten –ordudanik beste pare bat edizio antolatu dituzte bertan- eta, euskal jaia aitzakia, dozena bat lagun elkartu eta Toloñoko haitz zurietaraino hurbildu ginen. Lizardi Mintza Talde jaio berriaren estreinako urratsak ziren haiek, gure lehenetariko mendi irteera.

Txango hartatik 20 urte igaro dira; tarte honetan gauza ugari aldatu dira munduan, baten bat onerako, diotenagatik; baina ez dirudi denboraren joan-etorriak Toloñori min handirik egin dionik; harresi zuriek, iparraldeko pagadiek eta goialdeko larre berdeek duela 20 urte utzi genituen bezala jarraitzen dute, gogoratzen ditugun bezain eder daude oraindik. Horrela hauteman ditugu, behintzat, aspaldiko irteera hartan izan ginen lagun bik mendiari egin diogun azkeneko bisitan.

Orduan bezala, honetan ere ekainaren beroa izan dugu bidaia kide mendian gora. Baina, oraingoan, ez da beroa izan tontorreraino lagundu gaituen bakarra: euskal liburu batek ere gurekin igo ditu Toloñora daramaten maldak. Lizardi Mintza Taldeak, urteurrena ospatzeko, "Hogei tontor, hogei liburu" ekimena antolatu du aurten, eta ekimen horretan ezin ahaztu Toloño, taldearen jaiotzaren lekuko izan zen mendia. Hortaz, "Habitat", Katixa Agirreren eleberria, motxilan sartu eta Toloñoko gailurreraino eraman dugu bertan mendiz mendi eramango duen abenturari hasiera eman diezaion.

Mendian behera hasi eta berehala tontorrera gure atzean iritsi den familia euskalduna ikusi dugu liburua hartzen. "Habitat" bidean dago, beraz, eta, gugandik urruntzen sumatzen dugun bitartean, Euskal Herriko beste tontor batean berriro aurkitzea zein ederra izango zen pentsatzen dugu. Ikusi arte, bada, "Habitat", eta bidaia ona izan.

Zoaz Infernura laztana

Anjel Lertxundiren liburua Gaztelumendi mendia Berreaga mendilerroan dago, Larrabetzu aldean. Mendi honek Txorierri eta Butroe haranak banatzen ditu.
Gaztelumendik 311 metroko altuera du.

Mendi honetan Espainiako Gerra Zibilaren hainbat aztarna dago. Izan ere, mendi hau Burdinezko Gerrikoan zegoen. Gainera, tropa faxistek gerrikoa mendi honetatik apurtu egin zuten.

Eta gaur Larrabetzuko ume ausarten taldea gailurreraino abiatu da “liburu ibiltaria” liberatzeko asmoz...



Arrakasta erabatekoa izan da, argazkietan ikus daitekeenez...

2009/10/09

“Riomundo” Saioatik Urdaburura

Riomundo liburua Saioan topatu nuen irailean, orduan izan nuen zuen ekimen honen berri, eta oso obediente naizenez irakurri eta pasaden igandean Urdaburuko tontorrean utzi nuen.

Jon Maiaren lehengo eleberria dugu “Riomundo” eta bere familiaren istorioan oinarritzen da, frankismo garaiko bizi baldintzengatik Euskal Herrira etortzen den familia batean, alegia.

Liburua irakurtzeko gomendioa egiten dizuet, istorioa oso interesgarria baita, momentuko bizimodua eta buruhausteak isladatzen ditu, gainera kontutan hartu behar da Euskal Herriko familia askoren historia dela. Ondorioz, gure herriko historia eta gure aiton-amona askoren bizitzak hobeto ezagutzeko abagune aparta dela iruditzen zait.

Eleberria ez dago kronologikoki ordenatua eta hau izan daiteke liburuaren zailtasuna, hala ere, nahiko erraz ulertzen dela iruditzen zait. Beraz ANIMATU liburuaren ibilaldia eten ez dadin!

2009/10/06

Pololoak

Kueto Rubio
Patxi Gallegoren "Pololoak" saileko bigarren alea Arazena Mendilerroan dagoen Kueto Rubio izeneko mendixka batean utzi dugu.
Komiki ausarta benetan eta guztiz gomendagarria.
Igande goizean (2009-11-4) eta bi saiakera egin ostean lortu dugu liburua uztea, aurreko asteburuan lainoa egon zen eta orain dela bi aste ehiztariak ziren inguruan. Kostata beraz, baina helburua beteta, ea hasitako bidaia ez den eteten.
Interesa baduzu irakurri komikiariburuz egindako analisia.