2009/10/15

"Habitat", Toloñotik mundura

1989ko ekainaren egun sargoritsua izan zen hura. Igandea zen, bastidarrek euren lehenengo Araba Euskaraz ospatzen zuten –ordudanik beste pare bat edizio antolatu dituzte bertan- eta, euskal jaia aitzakia, dozena bat lagun elkartu eta Toloñoko haitz zurietaraino hurbildu ginen. Lizardi Mintza Talde jaio berriaren estreinako urratsak ziren haiek, gure lehenetariko mendi irteera.

Txango hartatik 20 urte igaro dira; tarte honetan gauza ugari aldatu dira munduan, baten bat onerako, diotenagatik; baina ez dirudi denboraren joan-etorriak Toloñori min handirik egin dionik; harresi zuriek, iparraldeko pagadiek eta goialdeko larre berdeek duela 20 urte utzi genituen bezala jarraitzen dute, gogoratzen ditugun bezain eder daude oraindik. Horrela hauteman ditugu, behintzat, aspaldiko irteera hartan izan ginen lagun bik mendiari egin diogun azkeneko bisitan.

Orduan bezala, honetan ere ekainaren beroa izan dugu bidaia kide mendian gora. Baina, oraingoan, ez da beroa izan tontorreraino lagundu gaituen bakarra: euskal liburu batek ere gurekin igo ditu Toloñora daramaten maldak. Lizardi Mintza Taldeak, urteurrena ospatzeko, "Hogei tontor, hogei liburu" ekimena antolatu du aurten, eta ekimen horretan ezin ahaztu Toloño, taldearen jaiotzaren lekuko izan zen mendia. Hortaz, "Habitat", Katixa Agirreren eleberria, motxilan sartu eta Toloñoko gailurreraino eraman dugu bertan mendiz mendi eramango duen abenturari hasiera eman diezaion.

Mendian behera hasi eta berehala tontorrera gure atzean iritsi den familia euskalduna ikusi dugu liburua hartzen. "Habitat" bidean dago, beraz, eta, gugandik urruntzen sumatzen dugun bitartean, Euskal Herriko beste tontor batean berriro aurkitzea zein ederra izango zen pentsatzen dugu. Ikusi arte, bada, "Habitat", eta bidaia ona izan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina