2010/06/17

Orbaibar 2010

Egun on, Pedro/Peter eta Marian.

Astelehena goizean lanean eta oraindik asteburua gogoan.

Niri dagokidanez, primerako asteburua. Oso ondo antolatuta eta bikain gauzatu da dena, eguraldia barne. Eskerrik asko! Ez nuen gutxiago espera, jakina ;-)))

Nire prestakuntzara begira, ezin hobeto. Bizkaiko Bilbo inguruan euria barra-barra eta eguzkiaren bila joan nintzen Tafallako Bizkaiara. Eta han, hodei artean ezkutatuta eguzkia aurkitu nuen. Hau poza!
Bizikletan ibilitakoarekin ere pozik. Dakizuenez, pila gabe geratu nintzen, kilometrozenbatzailearena, jakina ;-))). Gaur kilometroak zenbatu ditut gutxi gorabehera eta emaitza hau: larunbatean 52 km eta igandean 85 km. Ez dira asko, baina suabe-suabe ibili nintzen, paisaiaz, herriez (Sangoza oso bitxia) eta batez ere lasaitasunaz gozatzen. Egia esan, kilometroak baino hobeto horniketak prestatu nituen. Eta hori ere oso garrantzitsua da. Zin dagizuet Quebrantahuesoseko horniketetan ez dudala batere sufrituko ;-)))

Larunbateko bisitaldia idea bikaina. Egia esan, antxoaren bila joan nintzen, artariaingo antxoa famatuen bila, eta tailerrak txunditurik utzi ninduen. Ze lagun majotxoa gure Javier. Berak egindako animaliak bizi-biziak dira. Nik uste lehenago ere batzuk ikusi ditudala parketxeetan, baina ez nuen espero inoiz egilea ezagutzea. Oso jatorra, gainera! Afaltzera etortzea ere oso idea ona. Tailerreko negutegian, Interneteko “arazotxoak” aipatu zituenenan, berarengandik oso hurbil sentitzu nintzen. Ze momentu hunkigarria ;-))) Baina zuk lasai, bizirik irauten duzulako seinaleak bidaltzen jarraitu, mesedez.

Jende gutxi bildu ginen baina selektoak! Eta “gogargietsiak” (iluminadoak) ere, dudarik gabe ;-))). Behintzat, badugu 13! Gure ohitura zaharrari jarraituz, hasiberria (Edurne txirrindularia) gureganatu genuen.

Kontzientzian geratzen zait gauzatxo bakarra, lan gutxi egin nuela aterpean. Guetadar jauregian sartu eta printze bihurtu nintzen, edo markes, edo konde, ez dakit ondo ;-))) Sukaldean jende asko eta trebetasun gutxi nirea -bizirauten sukaldaritzan mugatuta nago, badakizue-, mahaia prestatzean azkar batzuek aurreratu ninduten, eta harrikoan, nire espezialitatean, automatikoki arduratu zen Klemen. Kontua, azken finean, ez nuela kolperik eman. Beno, ikuskatzaile bikaina izan ninduzuen, lana primeran burutu nuen. Ea hurrengo batean gainetik kentzen dudan zama astun hau ;-)))

Besterik gabe, berriro eskerrik asko prestatutako asteburu bikainarengatik. Ondo ibili udan eta laster arte.
Rafa
P.D.: Eta Bilbon, kaguen Ortzi, euria barra-barra jarraitzen du, A zer barregarria ;-(((
Orbaibar 2010

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina