2009/02/16

Berriako artikulua 2009-03-13

Bilboko Lizardi Mintza taldeak euskarazko hogei liburu utzi asmo ditu Euskal Herriko beste hainbeste tontorretan. Euskara eta mendia uztartu nahi dituzte elkartearen 20. urteurrenean.

Mendia, mugarik gabeko liburutegia

Ekaitz Agirre

Urte berezia da aurtengoa Bilboko Lizardi Mintza elkartearentzat, ez baititu alferrik bete hogei urte. Aisiarako ekintzak antolatu eta horietan euskararen erabilera indartzeko helburua izan du Lizardik hastapenetatik, eta mendiari lotutakoak izan dira ekintzetako asko eta asko. Naturaz eta naturan euskaraz gozatzeko aukera eman diete bilbotarrei.

Hogeigarren urteurrenaren harira, ospakizun eta ekitaldi uzta oparoa dute urte osoan; tartean Liburu ibiltaria ekimena. Denbora eta espazio mugarik gabeko liburutegi bihurtu asmo dituzte Euskal Herriko mendiak. Ekimen berezia da. Hogei mendi tontorretan hogei euskal idazleren beste hainbeste liburu utziko dituzte, eta haietako bat topatzen duen mendizaleari jarri diote egitekoa: irakur eta goza dezala aurrena, eta gozamen hori partekatu dezala, liburua beste mendi baten puntan utzita. Azken batean, bookcrossing-a, azken urteetan mundu osoan indar hartzen ari den ekimena, mendira eramateko saioa da; liburuen trukea bultzatzeko saioa.

«Iaz liburu bat topatu genuen Txamantxoia mendiaren tontorrean. Ondo babestuta zegoen, harri baten azpian. Oso ideia interesgarria eta polita iruditu zitzaigun, eta handik sortu dugu guk ekimena», azaldu du Lizardiko kide Jesus Apariciok. Bookcrossing mugimenduaren berri bazuten elkartean, eta mendian liburuak trukatzeko aukera badagoela iritzita jarri zuten abian Liburu ibiltaria. Lehenengoa duela bi aste utzi zuten, Zornotzako Belatxikieta mendiko tontorrean: Eider Rodriguezen Eta handik gutxira gaur. Liburuarekin batera ekimenaren berri ematen duen txarteltxoa utzi zuten, eta datozen aste eta hilabeteetan «askatuko» dituzte gainerako liburuak Euskal Herriko tontorretan. Dagoeneko egina dute liburuen zerenda txiki bat: Jon Maiaren Riomundo, Katixa Agirreren Sua falta zaigu, Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao eta Karmele Jaioren Amaren eskuak daude, besteak beste.

Blog bat sortu dute elkartearen webgunean, eta parte hartzera eta blogean idaztera gonbidatu nahi dituzte mendizaleak -http://lizardimt.blogspot.com/-. «Konta dezatela liburua zer iruditu zaien, ekimena bera zer iruditzen zaien, non hartu duten liburua edota non utzi duten», dio Apariciok. Haiek idatzi dute Belatxikieta mendiko kontakizunaz gogoeta: «(...) Lehenengo liburua askatu dugu eta pozik geratu gara. Askatasunak ematen duen pozarekin. Pozik bai, baina baita kezkatuta ere. Gurasoek seme-alabei askatasuna ematean sentitzen duten kezkarekin. Hotza egiten zuen liburua askatu genuen egunean. Haize boladak zakarrak ziren, eta (...) poltsatxo barruan babestu genuen, hotzaz eta haizeaz anparatu nahian». Muga eta denborarik gabeko liburutegia ez ezik aterperik gabekoa izatearen gorabeherak. Katea ez dadila eten.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina