2011/12/31

BIZITZA BERA KASUALIDADEA DA


Frantsesa ikasteari ekin diot aurten. Urte sabatikorako planak ditut, bai horixe, besteak beste proiektu bitxi bat: ikasitako frantsesa Afrikan praktikan jarri nahi dut. Doinu kuriosoa izango du kontinente beltzean ikasitako frantsesak, doinu beltza akaso?

Gaur, frantses eskolak amaitutakoan ikaskide batek esan du, aspalditik ez dator Goizalde Landabaso.

Izena zintzilik geratu zait buruan nonbait. Izen hori ezaguna dut dudarik gabe baina, zertaz ezaguna ordea? Berriro ere madarikatu dut memoriak burmuinean sortu didan zulo beltz amaigabea. Bertan murgiltzen naiz izenari aurpegia jarri nahian, baina alferrik.

Bizikletaz igo naiz etxera. Hotzari muzin eginez, bizi-etxeratu naiz. Bai, ezagutu egiten dut, nik izen hori lehenago entzuna dut baina non? Pentsatzen ari naizela logelara abiatu naiz.

Mesanotxetik, gauero bezala, liburu batek agurtu egiten nau. Gau-mahaitik, gauero bezala, Goizalde Landabasoren Bränskint izenburuko liburuak agurtu egiten nau.

Lagun batek erosi zuen gure proiektu bidaiarirako eta eskaini zidan. Zabaldu nuen liburu berri batek eskatzen duen errituala adierazita, non zentzu guztiek parte hartu behar duten, ukitu, usaindu, ikusi, entzun eta dastatu egin nuen edota ikusi, ukitu,entzun, dastatu eta usaindu egin nuen… Zentzumen guztien gainetik ordea bat gailentzen zen dudarik gabe. Aritz Eiguren irudigileak Goizaldek eskribitutakoa zuri-beltzean irudikatzen zuen. Noizean behin pintzelari iluntasunez lepo dagoelarik gorri edo hori pitin batek ihes egiten dio. Eta hain da bakana ezen berehala protagonismoa hartzen baitu txinparta izango balitz bezala.


Hasiera batean irudi zitzaidan liburuak aurka egin zidala eta ixteko etengabeko joera hartzen zuela baina, berehala, amore eman zuen. Poesia…garai ilunak poesiarako, langabezia, iruzurra, politikoena zein existitzen ez diren printzeena, dispertsioa, tratu txarrak, futbolezko izarrak…ez, ez dira poesiarako garai erosoak.


Zazpi kaleetan paseoan nabil. Gabonetako argien dirdirak Piazzolaren gitarra-soinuak dantzatzen alegintzen dira. Ondoko erakusleihoan urrezko Rolex batek mesfidantzaz begiztatzen du. Gitarrari ozpindutako ardo merkearen hatsa dario. Sokei atzazaletako kraka itsasten zaie. Bizitzak musikaria gogor zigortu arren oraindik ere duintasuna du airean zabaldutako Piazzolaren tangoak. Bränskint Bilbon dago, Bränskint edonon egon daiteke. Bihartik aurrera Bränskint Erloko gutunontzian babestua egongo da, dastatu, usaindu, ukitu, entzun edota ikusi nahi duenarentzat askea izango da. Goza dezala.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkin bat