2009/10/15

Zoaz Infernura laztana

Anjel Lertxundiren liburua Gaztelumendi mendia Berreaga mendilerroan dago, Larrabetzu aldean. Mendi honek Txorierri eta Butroe haranak banatzen ditu.
Gaztelumendik 311 metroko altuera du.

Mendi honetan Espainiako Gerra Zibilaren hainbat aztarna dago. Izan ere, mendi hau Burdinezko Gerrikoan zegoen. Gainera, tropa faxistek gerrikoa mendi honetatik apurtu egin zuten.

Eta gaur Larrabetzuko ume ausarten taldea gailurreraino abiatu da “liburu ibiltaria” liberatzeko asmoz...



Arrakasta erabatekoa izan da, argazkietan ikus daitekeenez...

2009/10/09

“Riomundo” Saioatik Urdaburura

Riomundo liburua Saioan topatu nuen irailean, orduan izan nuen zuen ekimen honen berri, eta oso obediente naizenez irakurri eta pasaden igandean Urdaburuko tontorrean utzi nuen.

Jon Maiaren lehengo eleberria dugu “Riomundo” eta bere familiaren istorioan oinarritzen da, frankismo garaiko bizi baldintzengatik Euskal Herrira etortzen den familia batean, alegia.

Liburua irakurtzeko gomendioa egiten dizuet, istorioa oso interesgarria baita, momentuko bizimodua eta buruhausteak isladatzen ditu, gainera kontutan hartu behar da Euskal Herriko familia askoren historia dela. Ondorioz, gure herriko historia eta gure aiton-amona askoren bizitzak hobeto ezagutzeko abagune aparta dela iruditzen zait.

Eleberria ez dago kronologikoki ordenatua eta hau izan daiteke liburuaren zailtasuna, hala ere, nahiko erraz ulertzen dela iruditzen zait. Beraz ANIMATU liburuaren ibilaldia eten ez dadin!

2009/10/06

Pololoak

Kueto Rubio
Patxi Gallegoren "Pololoak" saileko bigarren alea Arazena Mendilerroan dagoen Kueto Rubio izeneko mendixka batean utzi dugu.
Komiki ausarta benetan eta guztiz gomendagarria.
Igande goizean (2009-11-4) eta bi saiakera egin ostean lortu dugu liburua uztea, aurreko asteburuan lainoa egon zen eta orain dela bi aste ehiztariak ziren inguruan. Kostata beraz, baina helburua beteta, ea hasitako bidaia ez den eteten.
Interesa baduzu irakurri komikiariburuz egindako analisia.

2009/05/12

Amaren eskuak


Elorritxogane mendia 721 m. (Laudio)
Izara gainean ditu amak eskuak. Geldi. Harrizkoak dirudite. Zainetako odola ur geldi bihurtu zaiola ematen du. Ospitalearen izena estaltzen dute haren eskuek, inguratzen zaionari non dagoen ezkutatu nahiko balio bezala. Lo egonda ere, inor ez arduratzeko ahalegina egingo balu bezala. Urtetan hamaika hasperen eta etsipen sukaldeko amantalean sikatuz gorde dituen modura, oihalean estanpatutako ospitale hitza ezkutatzen saiatzen ari da orain ama eskuekin. Baina behatzen artean hitzaren zati bat utzi du agerian. Tale. Eta Nereak irribarre egin du hau irakurtzean, tale hitzak ipuina esan nahi duelako bere senarraren hizkuntzan eta ingresatu zutenetik ama ere ipuin baten barruan bizi dela pentsatu duelako. Izoztuta geratu zaio ondoren irribarrea ezpainetan, amaren eskuei begira.

2009/04/20

Bilbao-New York-Pagasarri


KORRIKAK utzitako biharamuna aitzakiatzat hartuta, Kirmen Uriberen “Bilbao-New York-Bilbao” Pagasarrin utzi dugu. Eta, noiz hobeto, Santua baino aisialdirako sakratua den aste bat datorrela ikusita.

Non daude ordea utzitako beste liburuak? Aske sentitu nahian mendiz-mendi ibiliko direlakoan nago. Sarritan, hala dela egiaztatu nahian, blogean sartzen naiz haien ibilbidearen pista bat irakurtzeko esperantzarekin, baina...alferrik. Hala ere, motxilatxoan liburua sartu dudanean ez nengoen etsituta ez horixe, ilusionatuta baizik.

Goibel zegoen zerua etxetik atera garenean, eta berehala grisari eusten, euri tanta batzuk sentitu ditugu buru gainean. Gu ikaratu nahian bazenbiltzatela zirudien, baina zertxobait gehiago behar zen gaur markatutako helburuari ez eusteko, eta aurrera jarraitu dugu. Pagasarrirako bidean lehenengo aldapa gogorrak hasi direnean ... hortzak estutu, pinoi ñimiñoa jarri –klick-klick-klick, sartu ote ditut zortziak jadanik?-eta aurrera jo dugu.

Goriko auzokideak, gurekin erreparatu gabe, baratzean lanean ziharduten uzta berrirako lurra prestatzen. Korrikan erabilitako Lizardiko kamiseta termikoak –ala teknikoak?- izerdia etengabe kanporatzen ziharduen. Gero, zirimiriarekin nahastuta, izerdi urtsua osatzen zuen, sinbiosi paregabe batean, non zein den zein jakitea ezinezkoa bihurtzen zen.
Mendizale batzuekin egin dugu topo –aupa, aupa- ez askorik ordea.

Pagasarrirako bideak 20 urte ukitu gabe egon eta gero, azkenean, konpondu dituzte. Baliteke aurtengo euriteak derrigortuta. Horri ezker, burua lurretik altxatzeko parada izan dugu, eta konturatu gara hemendik gutxira – ehun urte gutxi gora behera- Pagasarriko magalak berriro ere pagoen kolorekoekin jantziko direla, eta poztu egin gara. Eta poztu egin gara ere aterpea begiztatu dugunean eta harago, buzoia dagoen tokiraino abiatu gara gure misioa betetzeko asmoarekin. Buzoia liburuaren tamainakoa edo liburua buzoiaren tamainakoa? Batek daki.

Liburua ere bere termikoan sartu dugu, oraingoa plastikozkoa, bizirik badago ere, ez du transpiratu behar, eta bertan zain utzi dugu. Gero, aterpean, salda bero bana hartu beheko suari begira. Bilbao- Nueva York- Pagasarri. Zeregina bete dugu. Beste liburu bat lau haizetara zabaldu dugu. Goza dezazuela.

2009/04/05

Arotzaren eskuak

Iturrigorri/Tologorri mendia (1.068 m)
Ia ezagutzen ez zuen aitonak herentzian mendian galdutako etxe bat utzi diola-eta, hara doa Ane Duhalde, ordura arteko bere bizimodu grisa eten nahian. Etxean, baina, deskubrimendu lazgarri bat egingo du, aitonaren iraganaz galdetzera behartuko duena.
Misterioaren sokak Frantziako Erresistentziaraino eramango du, II Mundu Gerraren garaian; berrogeitaka urte beranduago Europako hainbat lekutan gertaturiko hilketa sorta izugarri bat ere harrapatzen du, eta bere burua arriskuan egon litekeela sentituko du azkenik.
Bordeleko polizia erretiratu batekin saituko da Ane korapiloa askatzen, eta beste horrenbeste egitera gonbidatzen gaitu Alberto Ladron Aranak, suspensez eta ustekabez beteriko eleberri honetan.

2009/04/04

Gau Ilunekoak

Soila mendia (Araba)
Gure liburu ibiltariekin jarraituz Joseba Sarrionaindiaren Gau Ilunekoak liburua Soila mendian utzi genuen, egun argiz.


Izenburuak abisua ematen digu ez dugula historio alaia irakurriko; zer bestela? Argia eta iluntasuna, horra historio labur eta xamur honetan agertzen zaigun bikotea.


Baten bat animatzen bada, Soila mendira Antoñana herritik igo daiteke; ibilbidea ederra eta liburua ez da mardula.

Ea ba!