2009/11/30

Mendeko borroka (Assalto a Roma)

Udalaitz

70eko hamarkadako Erroman kokatu du Fertxu Izquierdok bere lehen eleberria, zinema eta errealitatea lotuz

1972an heldu zen Bruce Lee Erromara, bere hirugarren filma zen The Way of the Dragon grabatzera. Chuck Norris borrokalari estatubatuarraren eta Leeren Koliseo aurreko norgehiagokarekin bukatzen da filma, borroka arteen zaleek mendeko borroka deitzen dutenarekin, eta hori hartu du Fertxu Izquierdok Pamiela argitaletxearekin atera duen bere lehen eleberriaren izenburutzat: Mendeko borroka (Assalto a Roma).

Ez da hori liburuan kontatzen den borroka bakarra, ordea, beste gatazka bat azaltzeko erabiltzen
baita Leeren eta Norrisen artekoa: Italian 70eko hamarkadan izandakoa, hain zuzen ere: «faxismotik datorren gizarte baten eta gizarte justuago baten alde lanean dabilen jendearen arteko borroka». Boterea lortzera hel zitekeen alderdi komunista Italian (PCI), Izquierdoren iritziz, «estoldetako borrokengatik» izan ez balitz, eta gertaera horiek hartu nahi izan ditut abiapuntutzat.

Erroma erreala, eta zinematografikoa. Zinema eta errealitatea, fantasia eta historia etengabe elkar gurutzatzen baitira Izquierdoren eleberrian. Felliniren filmei eginiko keinuak, italiar kantagintza, gertakari historikoak, literatura, kantagintza... eta gastronomia hori guztia bilduz, mahaiaren edo Italiako jakiren baten inguruan garatzen baitira kontakizun guztiak. Hori da eleberriaren egitura ere, menu moduko bat, atalez atal; Antipasto, Primo Piatto, Secondo Piatto eta Contono.

Gure iritziz liburu atipikoa eta sorpresaz betea da, horretxegatik pasaden larunbatetik (09-11-27) prest dago bere ibilaldia hasteko Udalaitz mendian utzi baikenuen zuen gozamenerako.

Apokalipsia guztioi erakutsia

Pagasarri
Neolitikoan hasten den eta 2050. urtean amaitzen den idazlan honek, historia, politika eta sexua nahasten ditu, sorreran Euskal Herria gertaera akzidental bat izan zela proposatuz, baina, halaber, 2050. urtean independentzia lortuko duela aldarrikatuz— jakina, inork espero ez duen moduan. Euskal Herrian egun nagusi den errealismo serio eta nihilistaren aurka, Gabilondok ironia, kritika, barrea, irakurtzeko plazera eta guztiok barnean daramatzagun desira eta pasiorik indartsu eta ilunenak inbokatzen ditu.

2009/11/08

Aulki bat elurretan

Gorbeia

Ez nuen bitan pentsatu. Idoiak esan zidanean Pilarrean Gorbeiara joango zela, pentsatu nuen liburua uzteko egun aproposa zela. Ez pentsa, Idoia ez da oso mendizalea, horrexegatik iruditu zitzaidan Uxue Alberdiren “Aulki bat elurretan” ezin hobea zela, nekatuz gero atsedena hartzeko parada izango baitzuen.

Hori dela eta, liburuaren lehengo orri zurian “Nork” jartzen duen tokian, Idoia ipini nuen, Idoia baita nire lagunaren izena, “Non” agertzen denean Gorbeia gehitu nuen, bertan utziko baitzuen, eta “Noiz” betetzean, urriaren 12a, eskribitu nuen. “Ene bada… hispanitate eguna” pentsatu nuen. Ondoren, Gorbeiako gurutzea espainiako banderarekin “apainduta” ikusi nuen, eta Xakilixutek azaltzen duen eszeptizismo keinua etorri zitzaidan burura, zerbait tokiz kanpo egongo balitz bezala, alegia. Jai eguna, zer dela eta, nik ez badut ezer ospatu behar. Eta jaiegunak sakratuak izan arren, horretan gustura joango nintzateke lanera pentsatu nuen. Eta hamaikagarren aldiz neure buruari galdetu nion ea noiz arte eman beharko dudan nire identitatea errebindikatzen.



Jatetxe dotore batean bazkaltzen ari nintzen, Anboto parean. Sakeleko telafonoari erreparatu nion. Idoia zen: “Gorbeian nago, liburua tontorrean utzi dut. Hotza egiten du, eta buzoia txiki-txikia da, espero dut denbora gutxi ematea barruan batere eroso ez baitago” . Eta halaxe izango dela ziur nago, Euskal Herrian bide guztiak Gorbeiara doaz eta.

Taldeko ekintza honi esker, aurten inoiz baino gehiago irakurri dut euskaraz. Hori dela eta, esango nuke momentuko euskarazko literaturak emakume izena duela, eta haiei guztiei (Uxue Alberdi, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Eider Rodriguez) eskerrak eman nahi dizkiet euskaraz irakurtzen asko disfrutatu dudalako. Emakume gazteak dira eta istorio erakargarriak, hunkigarriak, hurbilak, eskaintzen dizkigute.

Ea zuek ere nik beste disfrutatzen duzuen bai mendira igotzen bai euskaraz irakurtzen!

Oraindik aurrera Gorbeian Harkaitz Canoren esanetan: Suedian girotutako istorio gazi-gozoak irakurleen esku.

2009/10/19

Malenkonia arabiar bat


Udak ez gaitu oraindik utzi. Irailaren erdian gauden arren, azken egunetako termometroek ez
dute erakutsi 30 gradutik behera jaisteko inolako asmorik eta, aurreikuspenen arabera, behintzat, ez dirudi epe laburrean aldaketa handirik espero dezakegunik. Egutegiari arrazoia eman beharko diogu, beraz: udan gaude oraindik, uda betean. Baina ez dakit berri pozgarri hau Hiru Erregeen Mahaiaren tontorreraino iritsi den. Zalantzetan nago. Izan ere, hemen goian, bat-batean, termometroaren 30ari azken zeroa galdu egin baitzaio laino artean, eta ez dirudi 3 bakartiari ere erraz eutsiko dionik gaurkoan.

Baina, hotza eta guztiz ere, Euskal Herriko gailurrean nago berriro iraileko egun goibel honetan. Tontorrean, beti bezala, Xabierren estatua aurkitu dut zain, urte batzuetatik hona aurrerantz eroria, beherantz begira, harkaitzen artean datozen mendizaleen urratsak zuzendu nahi balitu bezala; haren atzean Xabierko gazteluaren metalezko miniatura dago. Bere ondoan eseri naiz atseden bila eta buruak, berehala, aspaldiko beste iraileko egun batera egin dit ihes, mendi honetara lehenengo aldiz igo nintzen 1989ko iraila urruneko egunera.

Igoera bien artean hogei urte igaro dira, denbora luze. Gauza batzuk, ordea, ez dira erraz aldatzen eta, lehenengo igoera hartako argazkiak ikusita, ez dirudi orduko Hiru Erregeen Mahaiak gaurkoak baino kasu handiagorik egiten zionik urtaroen aldaketa ofizialari. Argazki horietako batean tontorrean ikusi dut neure burua: irudian gaztelutxoaren ondoan eserita nago, orain bezalaxe; larruzko mendi botak, txandal praka more lodiak eta "plumifero" itxurako jaka urdin argia daramatzat jantzita; buruan artilezko txano gorri-zuri-berdea daramat belarrietaraino ondo sartuta. Walyren euskal bertsioa! Baina urte hauetan mendirako ekipamenduan eman den bilakaera ez da argazki zaharrak agerian uzten duen bakarra; neguko arropak, laino itxia eta hotz aurpegia argi mintzo zaizkigu irudian: gaurkoan bezala, udaren arrastorik ez iraila urrun hartan ere Euskal Herriko sabaian.

Lehenengo igoeratik, bada, hogei urte igaro dira jada; eta beste horrenbeste joan zaizkigu Lizardi Mintza Taldea sortu zenetik. Horrexegatik, urteurren biak ospatu nahian, liburu bat ekarri dut nirekin, tontorrean uzteko asmoz: "Malenkonia arabiar bat", Abdela Taia idazle marokoar gaztearen lana. Rabat bero eta lehorrean hasten den istorioa erabat lekuz kanpo dagoela dirudi Xabierko gaztelutxoaren metalezko horma izoztuen artean. Baina, zorionez, liburuak ez du berton luze eman beharrik izango. Mendizale euskaldun batek interesa erakutsi du berehala Lizardi Mintza Taldearen "20 tontor 20 liburu" ekimenagatik eta, eleberria motxilan sartu ondoren, beherantz eraman du beste gailur batean utziko duela zin eginez.

Honela bada, beste hainbat liburuk tontorrez tontor asteak eta hilabeteak daramatzaten bitartean, gaur hasi da, hemen, Hiru Erregeen Mahaiaren gailurrean, malenkonia arabiarrak Euskal Herriko mendietan zehar egingo duen ibilbidea. Bidaia zoriontsua eta oparoa izan dezala!

2009/10/16

Kalamidadeen liburua



Hiru erregeen mahaia
Hona hemen beste liburu baten bidaiaren hasiera. Ea noraino iristen den.

2009/10/15

"Habitat", Toloñotik mundura

1989ko ekainaren egun sargoritsua izan zen hura. Igandea zen, bastidarrek euren lehenengo Araba Euskaraz ospatzen zuten –ordudanik beste pare bat edizio antolatu dituzte bertan- eta, euskal jaia aitzakia, dozena bat lagun elkartu eta Toloñoko haitz zurietaraino hurbildu ginen. Lizardi Mintza Talde jaio berriaren estreinako urratsak ziren haiek, gure lehenetariko mendi irteera.

Txango hartatik 20 urte igaro dira; tarte honetan gauza ugari aldatu dira munduan, baten bat onerako, diotenagatik; baina ez dirudi denboraren joan-etorriak Toloñori min handirik egin dionik; harresi zuriek, iparraldeko pagadiek eta goialdeko larre berdeek duela 20 urte utzi genituen bezala jarraitzen dute, gogoratzen ditugun bezain eder daude oraindik. Horrela hauteman ditugu, behintzat, aspaldiko irteera hartan izan ginen lagun bik mendiari egin diogun azkeneko bisitan.

Orduan bezala, honetan ere ekainaren beroa izan dugu bidaia kide mendian gora. Baina, oraingoan, ez da beroa izan tontorreraino lagundu gaituen bakarra: euskal liburu batek ere gurekin igo ditu Toloñora daramaten maldak. Lizardi Mintza Taldeak, urteurrena ospatzeko, "Hogei tontor, hogei liburu" ekimena antolatu du aurten, eta ekimen horretan ezin ahaztu Toloño, taldearen jaiotzaren lekuko izan zen mendia. Hortaz, "Habitat", Katixa Agirreren eleberria, motxilan sartu eta Toloñoko gailurreraino eraman dugu bertan mendiz mendi eramango duen abenturari hasiera eman diezaion.

Mendian behera hasi eta berehala tontorrera gure atzean iritsi den familia euskalduna ikusi dugu liburua hartzen. "Habitat" bidean dago, beraz, eta, gugandik urruntzen sumatzen dugun bitartean, Euskal Herriko beste tontor batean berriro aurkitzea zein ederra izango zen pentsatzen dugu. Ikusi arte, bada, "Habitat", eta bidaia ona izan.

Zoaz Infernura laztana

Anjel Lertxundiren liburua Gaztelumendi mendia Berreaga mendilerroan dago, Larrabetzu aldean. Mendi honek Txorierri eta Butroe haranak banatzen ditu.
Gaztelumendik 311 metroko altuera du.

Mendi honetan Espainiako Gerra Zibilaren hainbat aztarna dago. Izan ere, mendi hau Burdinezko Gerrikoan zegoen. Gainera, tropa faxistek gerrikoa mendi honetatik apurtu egin zuten.

Eta gaur Larrabetzuko ume ausarten taldea gailurreraino abiatu da “liburu ibiltaria” liberatzeko asmoz...



Arrakasta erabatekoa izan da, argazkietan ikus daitekeenez...